AURKEZPENA ETA HISTORIA

 

Briñas ikastetxea 1942anLuis Briñas Ikastetxea, Santutxu auzo bilbotarrean kokatuta, Basarrateko landatik (jendeak “hildakoaren landa” esaten dio) hurbil, hiriaren intrahistoriako zati bilakatu da.

Luis Briñas filantropoak dohaintzan emandako lursail batean eraiki zuen ikastetxe bitxi hau, estilo arrazionalistakoa, Pedro Ispizua udal arkitektoak, Erriberako merkatua, Areatzako kioskoa edota Atxuriko eskolen egileak.

Baina Errepublika garaian proiektatutako ikastetxe hau tuberkulosiak jota zeuden gaixoen klinikatzat erabili zen gerra zibilean.

Guztira, 260 ohe ezarri ziren, herri gosetu eta txirotua astintzen zuen gaixotasunari aurre egiteko. Bizkaiak bazuen orduan Santa Marinako osasun-etxea —han ere Briñas jaunak ongiletzat jardun zuen— eta Gorlizko ospitalea, eta bi erietxe horietatik borroka latza egin zuten tisiaren aurka.

Briñas ez zen eskola izan 1942 urtera arte. Ikastetxeak Begoñako Errepublikako belaunaldi ugari hezi ditu.